Proiektu Pedagogikoa

“Denok gara MANIATIKOAK?”

ORGANIKek bi alor uztartu nahi dituelako sortu zen proiektu pedagogikoa egiteko ideia. Bi mundu gerturatu nahi dira: batetik, eszenako mundua eta, bestetik, mundu pedagogikoa.

Gure zuzendariak Heziketa Fisikoa eman zuen 8 urtez Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan eta esperientzia hori aprobetxatuko nahi dugu.

Argi dago gure gizartean dantzarekiko sentsibilizazioa landu beharra dagoela. Ikusle berriak sortzea gure esku dagoela uste dugu, baina horretarako ikusle horiek hezi beharra dagoela ere uste dugu. Ikusle jakin batzuk aukeratu ditugu: nerabeak. Ez dugu uste talde honentzako berariazko ikuskizunik sortzen denik eta ez dugu uste, halaber, behar adina informazio iristen zaionik ere.

Kontua ez da nerabeei ikuskizun bat erakustea, baizik eta gure sormen prozesua gerturatu nahi diegu. Ikusle hauei proposatzen diegun ikuskizunarekin beraiengana iritsi nahi dugu, praktikatik abiatuta sartu nahi ditugu gure lanean, modu aktiboan; ikasleei egoerak proposatuko dizkiegu eta euren tresnak erabiliaz konpondu beharko dituzte.

 

 

IKASLEENTZAKO ONURAK

Proiektu honek ikasleentzako onurak ditu bai osasun fisikoaren arloan bai arlo psikologikoan; izan ere, gizabanakoaren integritatea gorputz-lan baten bidez landuko dugu, beti ere emozioetatik abiatuta. Baieztapen hau honela dator EHAAn:

Era berean, curriculumean gorputz-adierazpenaren indarra azpimarratu da; hots, gorputz-hizkuntzak (soinuak, hitz gabeko hizkuntza, sorkuntza-adierazpenak, dramatizazioa…) sentimenduak, ideiak eta mezuak komunikatzeko duen garrantzia.  Nolabait esateko, ikaslearen adierazpen- eta afektibitate-dimentsioa gehiago landu behar da; izan ere, dimentsio horrek lotura zuzena du emozioen eta sentimenduen munduarekin —autoestimuarekin, egituraketarekin eta nortasunaren baieztapenarekin lotura estua duten elementuak—, inhibizioak gainditzearekin, sorkuntza-adierazpenez gozatzearekin, giza balioak errespetatzeko sentsibilitatearekin.